Hilarri Solidarioa

Nestor Basterretxearen “Estela Solidaria- Hilarri Solidarioa” eskultura da maila nagusiko saria.

2013ko udaberrian, UNESCO Etxeak laguntza eskatu zion eskultoreari, eskultura bat diseina zezan “Emadazu minutu bat” bideo-lehiaketako lehen sarirako; eskulturak, gainera, pertsona eta erakunde askok giza eskubideak sustatzen eta babesten nahiz funtsezko askatasunak aldezten egindako ekarpen garrantzitsuen aitormena izan behar zuen. Haste beretik ahalegin guztia egin zuen ideia gauzatzeko, berehala jarri zen lanean, eta, aste batzuk geroago, UNESCO Etxeari dohaintzan eman zion “Estela Solidaria-Hilarri Solidarioa” saria izango zenaren zirriborro batzuk aurkeztu zizkigun.

Nestor Basterretxeak berriz ere jarri zuen bere sortze-ahalmen guztia konpromiso solidario baten alde, berriz ere jarri zuen bere sormena zuzentzat jotzen zuen kausa baten bidean.

Guretzat, harro egoteko modukoa da “Estela Solidaria-Hilarri Solidarioa” izatea, euskal artista unibertsal eta, aldi berean, hurbileko baten legatua delako. Eta gure ardura da sari horri ahalik eta ospe, sona, koherentzia eta baliorik handiena ematea, pertsona handi, egundoko, eskuzabal eta konprometitu baten oroipena ekarriko digulako.

Fabrikazioa Bete Mansonia zurez gauzatu da, Nestor Basterretxearen diseinua eta planoak oinarri hartuta, eta akabera satinatua du antikuario beltzean, ageriko zurarekin. Gutxi gorabehera, neurri hauek ditu: 45 cm-ko garaiera; 27 cm-ko diametroa; eta 5 cm-ko lodiera.