Bakea zen 2011ko lehiaketaren ardatza eta mamia. Bake positiboaren kontzeptua bultzatu nahi genuen. Gatazkarik gabeko edo desiratzen ez diren egoera eta baldintzarik gabeko bakea baino haratago doa bake positiboa; bake hori iristeko, harreman eta interakzioetan premiazkoa da justizia, berdintasuna, elkartasuna eta elkarrekikotasuna. Nahiz eta ageriko borrokarik ez izan, ez da bake positiborik izango baldin eta gizarte-harremanetan, maila guztietan, mendekotasuna, bidegabekeria, desoreka eta elkarrekikotasunik eza nagusitzen badira.
Pertsona guztiok eskubide berak izatea, bizi-baldintza duinak izatea, ingurumena errespetatzea, herrien garapena bermatzea… hori da bake positiboa. Eta bake horrek bizitzaren dimentsio guztiak hartzen ditu: pertsonen baitakoa, pertsonen artekoa, taldekoa, soziala, nazionala, nazioartekoa, etab.