Euskararen jatorria, enigma europar bat
24 October, 2022Ba al zenekien euskeraren jatorria ezezaguna dela? Aurtengo “Eman minutu bat – Hitzak” lehiaketaren harira, 2011. urtean argitaratutako euskararen jatorriari buruzko dokumental hau aurkeztu nahi dizuet gaurkoan. Izan ere, ugari dira euskararen jatorriari buruzko ikerketak. Halaber, ugari dira ere ikerketa horien ondorioz sortutako hipotesiak.
Nahiz eta urteetan zehar ikertzaile asko euskararen jatorria argitzen saiatu diren, egia esan, argitu gabeko enigma bat izaten jarraitzen du. Jakitun askoren ustez, euskara, bizirik dirauen europako hizkerarik zaharrena da. Hizkuntzalari ugarik, orain arte batutako datu linguistikoei esker, euskarak europako edo gainerako kontinenteetako indo-europarrak ez diren hizkuntza desberdinetan jatorria izan dezakeela diote, euskarak berak hizkuntz horiekiko dituen antz lexikal eta gramatikalak direla eta. Baieztapen hauek ordea, hipotesiak baino ez dira, orain arte ez baita lortu aurkitzea zein den bere benetako jatorria, edo munduko beste hizkuntzaren baten neba-arreba nagusia izan daitekeen edo ez. Ondorioz, gure ama hizkuntza, isolatutzat hartu izan da maiz.
Noiztik erabiltzen da euskara? Nondik dator gure hizkuntza? Ba al du euskarak Europako edo Europatik kanpoko beste hizkuntzarekiko antzarik? Badugu zerikusirik euskaldunok kaukasiar, iberiar edo berbereekin? Zer dakigu euskaldunok gure hizkuntzaren jatorriaren inguruan? Ba al da benetan Europako hizkuntzarik zaharrenetako bat? 60 minutu inguruko iraupena duen, Hasier Etxeberria zuzendariaren dokumental honek, galdera guzti hauei eman nahi die erantzuna, nolanahi Euskal Herritaren zalantzak argitu nahian. Horretarako, mundu osoko hizkuntzalari eta hizkuntz munduan adituak diren hainbat gizon eta emakumeren hipotesi eta sinesmenak bildu ditu dokumentalak.
Gure hizkuntza eta bere jatorriari buruzko kontu eta hipotesiez gain, euskaldunon DNA-ren eta genetika-ren inguruan ere badabil ordubeteko ikerketa bitxi hau. Dirudienez, britainiar eta irlandarren artean, hainbatek izan lezakete euskal jatorria…
Anima zaitez dokumentala ikustera zure kultura, hizkuntza eta jatorriari buruzko ezagutza zabalduz!
Amets Aurrekoetxea Vallejo. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko ikaslea.
Irudia: Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua. Euskaraz bizi nahi dut
No Hay Comentarios