‘Educar por la paz desde los derechos culturales’ testuaren iruzkina

Alfons Martinellek eta Mireia Tresserrasek iaz idatzitako Educar por la paz desde los derechos culturales testuak oso modu egokian planteatzen ditu: arazo bat, behar batzuk eta, batez ere, horri heldu ahal izateko irtenbide posible asko. Egileek azaltzen dute nola eskubide kulturalak, nahiz eta oso garrantzitsuak izan (orain sartuko gara horretan), ez direla behar bezala zaindu Giza Eskubideen multzoan.

Eskubide kulturalek lotura handia dute bakearen aldeko hezkuntzarekin, indarkeri ezaren, lankidetzaren, diskriminazio ezaren eta beste balio askoren bidez. Beraz, horietan arreta jartzea lehentasun bihurtu behar da bake positiboa eta iraunkorra lortzeko. 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotzen dira, eta giza duintasuna eta gizakiak komunitatean, berdintasunean eta diskriminaziorik gabe kultura-bizitzan borondatez parte hartzeko beharra adierazten dute. Izan ere, testuak dioenez, kultura baliabide edo bitarteko bat baino gehiago da, kultura elementu integratzailea eta kohesiboa da, ezinbestekoa nortasuna garatzeko eta komunitateen arteko elkarrizketa sustatzeko.

Testuak, hasiera batean, artearen egoeraz mintzatzen da, gaur egun 2030 Agendan kultura eta eskubide kulturalak bezalako gaiak nola aurkitzen ditugun azaltzeko. Agenda horretan, garrantzitsua izan arren, ez da gai horri buruzko helburu espezifikorik jasotzen, gainerako helburuetan duen zeharkakotasuna argudiatuz. Eskubide kulturalak, hezkuntzari lotuak, ezezagunak dira arloko profesional gehienentzat, eta horiek ezagutarazteko eta kulturarako eskubide hori sustatzeko beharra nabarmentzen da. Kultura sistema baten parte da eta etengabe elkarreragiten du beste azpisistema batzuekin, hala nola osasunarekin, hezkuntzarekin, ekonomiarekin… Azken horiek, aldi berean, bakearen kulturarekin dute zerikusia.

Gainera, bakerako hezkuntzaren gaia (esan bezala, kulturarekin eta eskubide kulturalekin oso lotuta egonik) oso beharrezkoa da berdintasuna sustatzeko, aniztasuna ulertzeko, ikustarazteko eta babesteko, eta aldi berean, bizitza kulturalean parte hartzeko askatasuna lortzeko. Azken hau, arte adierazpen ezberdinetara hurbiltzeko eta eskaintza kulturala identifikatzeko tresnen bidez lortzen baita. Memoria historikoari dagokionez, oso modu interesgarrian planteatzen du nola hezkuntzak memoriaren eta identitatearen berreskurapen lana egiten duen, baita iraganari buruzko hausnarketa kritikoa eta etorkizuneko erronkei buruzko eztabaidak  sustatzen ere.

Zehazki, giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzak eta, horren barruan, kultura-eskubideetan oinarritutako hezkuntzak artisten eta kultura-eragileen lana ikusarazten du, sentsibilizazioa sortzen du eta hedabide gisa funtzionatzen du.

Azkenik, testuak hainbat proposamen planteatzen ditu hezkuntza arloan: bizitza kulturalera, oroimenera, identitateetara, aniztasunera, sentsibilizaziora, lankidetzara eta abar zuzenduta. Horrela, testuan zehar planteatutako beharrak erabatean betetzen ditu, eskubide kulturalak ikustarazteko orientazio edo gida bezala erabili ahal izateko nahiarekin (era arrakastatsuan lortua), hauek, giza eskubideen eta pertsonen duintasunaren funtsezko parte baitira.

Educar por la paz desde los derechos culturales


Unai Ortiz Urbizu. Deustuko Unibertsitateko Filosofia, Politika eta Ekonomiako graduko ikaslea. www.linkedin.com/in/unai-ortiz-858814217

Azalaren argazkia: Cátedra UNESCO Pau Casals

No Hay Comentarios

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *