Hizkuntzak hiltzen direnean…

Mende honetan zehar mundu osoko 7.000 hizkuntzetatik 3000 inguru desager daitezkeela diote kalkulu eta ikerketa batzuek. UNESCOk, arriskuan dauden munduko hizkuntzen atlas ezberdinetan, munduko hizkuntzarik ahulenen azterketa sakon eta zehatza jasotzen duten txostenetan, egoera kezkagarri honetaz ohartarazten saiatzen da eta nazioarteko lankidetzaren bidez hizkuntza-aniztasuna maila globalean babesteko garrantzia nabarmentzen du. Izan ere, hizkuntza bat galtzeak kultura-aniztasuna eta, ondorioz, kultura-ondare immateriala ere desagertaraztea dakar, hala nola tradizioak, ohiturak edo gizarte-praktikak, besteak beste.

National Geographic-en arabera, bi asterik behin hizkuntza bat hil egiten da. Gaur egun, beraz, badaude hamarnaka hiztunek, edo are gutxiagok, erabiltzen dituzten hizkuntzak. Hau, hain zuzen ere, K’asA Henry Washburn-en kasua da, Ameriketako Estatu Batuetako Oklahomako Yuchi hizkuntza darabilen azken lau hiztunetako bat. Caleen Sisk-en kasua dau hau baita ere, Kaliforniako Wintu Hizkuntza ezagutzen duen azken pertsonetako bat. “Lumak galtzen dituen txori baten antzekoa da. Haietako bat haizeak eramanda pasatzen ikusten duzu, eta agur: desagertu den beste hitz bat” zioen Johnny Hillek, chemehuevi hizkuntza ezagutzen zuen azkenetariko pertsona batek.

Gure ingurune hurbilenari begiratzen badiogu, hizkuntza gutxitu ezagunenetakotzat hartua izan arren, UNESCOk argitaratutako galtzeko arriskuan dauden hizkuntzen azken atlasak Euskara kategoria ahulean sailkatzen du. Nahiz eta 700.000 eta 900.000 pertsona inguruk ezagutu eta darabilten hizkuntza, euskeraren ahulezia egoerak kezkatu egiten gaitu.

Nola saihestu dezakegu orduan hizkuntzen heriotza? UNESCOk, hezkuntza arloan hizkuntzak mantentzearen garrantziaz kontzientziatzearen alde egiten du, bai eta ama-hizkuntzan eleaniztasuna eta alfabetatzea sustatzen duten politikak sustatzearen alde ere. Era berean, tokiko hizkuntzen erabilera komunikabideetan bultzatzeko beharra bermatzen du, eta ezinbestekotzat jotzen du tokiko hizkuntzen zeregina indartzen duten programekin lankidetzan aritzea, ezagutza lokalak transmititzeko, besteak beste. Zer egingo duzu zuk laguntzeko?

Amets Aurrekoetxea Vallejo. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harreman eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko ikaslea.

Iturriak

UNESCO. 2010. Atlas de las Lenguas del Mundo en Peligro. https://unesdoc.unesco.org/ark:/48223/pf0000189453/PDF/189453spa.pdf.multi

National Geographic. 2020. “Lenguas en peligro de extinción”. https://www.nationalgeographic.com.es/mundo-ng/grandes-reportajes/lenguas-peligro-extincion_6174

Irudia: Institut de l’UNESCO pour l’apprentissage tout au long de la vie (UIL). 2015

No Hay Comentarios

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *