I have a dream

Naiara Nájera Etxeandia.
Zuzenbidea eta komunikazioa graduko ikaslea. Deustuko Unibertsitatea. Donostiako Campusa.


I have a dream. Amets bat dut. Horrela hasten zen Martin Luther Kingek 1963ko abuztuaren 20an Lincolneko Monumentuaren aurrean eman zuen hitzaldia. Martin Luther Kingen ametsa zurien eta beltzen arteko elkarbizitza baketsua eta haien arteko berdintasuna zen.

Imagine. Horrela deitzen da John Lennonek 1971n kaleratu zuen abestia. Lennonek pertsona guztiak irudikatzen zituen bakean bizitzen, mundua partekatzen, eta abesten zuen: “Esan dezakezu ameslari bat naizela, baina ez naiz bakarra. Espero dut egunen batean elkartuko zarela eta mundua bat bezalakoa izango dela.”

Ametsen eta irudipenen artean, bakea utopikoa dirudi oraindik, lortzen zaila. Hala ere, indarkeria, gerrak eta heriotzak askoz errealistagoak iruditzen zaizkigu. Noiztik da errazagoa gerra egitea bakea egitea baino?

Ez dago bakerako biderik, bakea da bidea. Gandhik eman du bakea zer den jakiteko gakoa. Bakea ez da helburu bat, bizi behar dugun ingurunea baizik. Garcia Marquezek zioen bakea gerundioa zela, hau da, garrantzitsuena ez dela bakea egitea, bakea egiten aritzea baizik. Baliteke hori izatea bakearen handicap-a; bakea izateko behar den iraunkortasuna. Gerra batek gehiago edo gutxiago iraun dezake, indarkeriek gehiago edo gutxiago iraun dezakete, baina bakeak, bakea izateko, etengabea izan behar du.

Nazio Batuek, bakearen aldeko borrokak dakarren erronkaz jabeturik, bakearen eta justiziaren aldeko borroka gehitzea erabaki zuten 16. helburu gisa, indarkeria eta dagozkion heriotza-tasak murrizteko; tratu txarrei, esplotazioari, salerosketari eta haurren aurkako indarkeria- eta tortura-mota guztiei amaiera emateko; zuzenbide-estatua sustatzeko maila nazionalean eta nazioartekoan, eta justiziarako sarbide-berdintasuna bermatzeko; ustelkeria eta eroskeria nabarmen murrizteko, eta erakunde guztietan gardentasuna bermatzeko.

Bakea lortzea zaila dela frogatu dugun arren, bakea jarraitu nahi dugun bide bakarra dela ere erakutsi behar dugu.

Naiara Nájera Etxeandia.
https://es.linkedin.com/in/naiara-n%C3%A1jera-etxeandia-474008209

Argazkia: UNDP

No Hay Comentarios

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *