cine-arte.net viaeptv.com
pinup.com.ve 1win1.cl 1win1.mx mikemarko.com rossiyanavsegda.ru azuresummit.live tgasu.ru

Nire bizitza glutenik gabe

Nahiz eta zeliakia nutrizioarekin zuzenean lotu, nire esperientziak erakusten du askoz ere alderdi gehiago biltzen dituela, hala nola soziala. Askotan ezin izan dut planetan parte hartu, glutenik gabeko aukerarik ez nuelako. Jendeak galdera asko egiten dizkit nire gaixotasunari buruz. Noiztik zara zeliakoa? Nola jakin duzu zinela? Zer jan dezakezu? Zer gertatzen da glutena jaten baduzu? Gaur, zalantza ohikoenetako batzuei erantzungo diet, eta nire esperientzia pertsonalari buruz hitz egingo dut.

Ni bezalako zeliakoek ezin ditugu glutena duten elikagaiak jan, eta, beraz, gari, garagar eta zekalerik gabeko dieta bat eraman behar dugu gure bizitza osoan (zeliakia sendabiderik gabeko gaixotasuna baita).

Nire kasuan oso erraza izan zen gaixotasuna diagnostikatzea; izan ere, 9 hilabete nituela glutena zuten elikagaiak kontsumitzen hasi nintzenean, gonbitoak zituen etengabe eta oso gaixorik nengoen. Tripa puztu egin zitzaidan desnutrizioaren ondorioz, ilea ez zitzaidan hazten eta erabat ahulduta nengoen. Medikuek ikusi nindutenean, automatikoki jakin zuten zeliakoa nintzela, baina beharrezko probak egin zizkidaten (analisiak eta biopsia, besteak beste). Baieztapena iritsi zenean, berehala egokitu genuen nire dieta glutenik gabeko elikagaietara, eta sintomak arintzen hasi ziren.

Hala ere, zeliako asko ez dira diagnostikatzen adinera iritsi arte, eta, beraz, askoz zailagoa da haientzat, ohiturak aldatu eta dieta berregokitu behar baitute.

Zer gertatzen zait ustekabean glutena duten elikagaiak irensten baditut? Sintomak aldatu egiten dira pertsonaren arabera. Nire kasuan, sintoma oso gogorrak ditut: ordu erdi baten buruan oso gaizki sentitzen naiz, buruko min, tripako min eta goragale handiekin. Bi orduren buruan, nire gorputzak digestioa egin beharko lukeenean, ezgauza naizenez, gonbitoak hasten dira gluten hondar guztiak bota arte.

Zer da, bada, glutenik gabeko dieta bat? Zeliakook garia, garagarra eta zekalea duten elikagaiak saihestu behar ditugu, hala nola ogia, pasta, zerealak, opilak, janari enpanatuak, pizzak… Horrek esan nahi du ez dugula elikagai horietako bat ere jaten? Ez horixe. Gaur egun, beste aukera batzuk daude glutena duten janarietarako, arto irinez, garbantzuz eta bestelakoez eginak. Erosketak egitean, “glutenik gabe” markatzen duen etiketa daramatela egiaztatu behar dut. Kontu handiz ibili behar dut glutena duten elikagaiekin ez ezik, kutsadura gurutzatuarekin ere; beraz, janaria prestatzean, beti ziurtatu behar dut tresnak garbi daudela eta ez direla ezer nahasten. Izan ere, konplikazioak saihesteko, nire etxean glutenik gabeko janaria kontsumitzen dugu denok, pasta bezalako salbuespenak izan ezik.

Hala ere, batzuetan zeliakoa izatea erronka bat da. Glutenik gabeko janariaren prezioak janari arruntarenak baino askoz handiagoak dira. Zeliakook kontu altuagoak izaten ditugu beti aurrez aurre erosketak egitean. Gainera, atzerrira bidaiatzea buruhaustea izan ohi da, beste herrialde batzuetan zailagoa baita glutenik gabeko aukerak aurkitzea. Aholku gisa, ni beti saiatzen naiz etxetik janaria eramaten estutasunetik salbatzeko. Neskato gisa zaila egiten zitzaidan urtebetetzean parte hartzea eta “merendolak” egitea, non ezin nuen nahi nuen guztia jan, gainerako haurrek bezala. Baina adinarekin ohitu egin naiz. Zorionez, badira zeliakoen elkarteak, hala nola FACE, informazioarekin laguntzen digutenak, glutenik gabeko elikagaien zerrenda bat, ikerketa, jarduerak eta gehiago.


Sare Álvaro Campo. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harreman eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko ikaslea. www.linkedin.com/in/sare-álvaro-campo-364503268

*Image by rawpixel.com on Freepik

No Hay Comentarios

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *