Zer eginkizun betetzen dute sare sozialek bake kulturaren garapenean?
27 January, 2025Denbora gutxitan sare sozialak biztanleriaren zati handi baten egunerokotasunaren parte izatera igaro dira, nahiz eta batez ere gazteen artean ikusten den. Zaila da sare sozialik ez duen 30 urtetik beherako pertsona bat aurkitzea; izan ere, komunikatzeko moduen aldaketak gaitasun hertsatzailea du, eta horren ondorioz, hasiera batean pertsona batzuek sare sozialekiko nolabaiteko gaitzespena adieraz dezaketen arren, zabaldu egiten da haien erabilera sozializatzeko eta soziabilizatzeko interesa dela eta.
Sare sozialek aldaketa garrantzitsuak eragiten dituzte pertsonengan, komunikatzeko eta harremanak izateko moduetatik informazioa prozesatzeko eraraino. Hala ere, bada bake-kultura sortzeari zuzenean eragiten dion elementu bat, sare horien bidez modu masiboan zabaltzen den edukiaren eta informazioaren aldaketei lotutakoa.
Nahiz eta Instagram, X (Twitter), Facebook edo TikTok bezalako espazioek komunikabide baten antzeko sistema baten itxura izan dezaketen, beste estruktura bat dute funtsean: informazioa ez da hain prozesatua, beraz, zuzenagoa da. Horrek manipulatu gabeko “egia” eskura izateko ustea sortzen du; izan ere, iragazkirik eta bitartekaritzarik ez izateak inguratzen gaituen mundua hobeto ezagutzeko aukera ematen duela dirudi. Hortatik, espazio horiek ematen duten anonimotasuna ere kontuan hartuta, gatazka armatu batek beren eskubideak urratzen dizkien pertsonen errealitateak, genero-indarkeriaren biktimenak, lan-esplotazioa jasaten duten pertsonenak eta abarrekoak ezagutzeko aukera dugu. Aukera hau sare sozialen aurreko aroan baino askoz handiagoa izan daiteke, eta neurri batean hala da.
Giza Eskubideen aldeko edukia eta bakearen aldeko edozein aldarrikapen sortzea erraza dirudi esparru horretan, irisgarritasuna eta hedapen-boterea gizarteko ia maila guztietara iristen baita. Hala ere, edozein pertsonak bere diskurtsoa modu irekian eta “librean” zabaltzeko aukera duen mundu idiliko honetan, badira kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk ere.
Alde batetik, ezin dira alde batera utzi sare horien zuzendarien interesak, erabiltzaile bakoitzari zer erakutsi erabakitzen duen algoritmoa zuzendari hauen interes partikularren arabera sortu baita. Zentsuragarriak diren edukiak erabakitzea haien esku dago eta baita erakusten den informazioa ere. Horrek gorroto-diskurtsoak eta minorien aurkako diskriminazioak hedatzea ahalbidetu dezake, informazioaren degradazioa ekarriz, ondorio larriak suposatuz demokraziarentzat (X eta Meta-ko agintarien neurriei buruz ezagutzen ari diren azken berrien kasuan zuzenean ikusten da), bake-kulturari buruz ez hitz egiteagatik.
Algoritmo horrek berak eta ezkutatzen dituen interes partikularrek edukiaren pertsonalizazio sofistikatua eta, aldi berean, arriskutsua dakartzate. Are gehiago, eduki pertsonalizatu horren zati batek, lehen positiboa zirudien iragazki gabeziaren ondorioz, informazio manipulatua, alboratua eta batzuetan erabat asmatua erakusten digu. Horrek guztiak polarizazio-arazo bat dakar, ideologikoa, baina baita afektiboa ere, indarkeria ezabatzearen eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako komunitate indartsu bat eraikitzearen oso aurkakoa. Zentzu horretan, egokia eta oso gomendagarria da “Gazteek garapen jasangarriarekin duten konpromisoa: 2030 Agendaren aurkako diskurtsoak desmuntatzen” argitalpena irakurtzea, iaz Eusko Jaurlaritzaren Erronkak bilduman argitaratua.
Horrenbestez, sare sozialak hedadura masibo eta zuzeneko komunikazio-tresnak dira eta aukera berriak irekitzen dituzte bakea lortzeko bidean. Onbidezko mezuak zabaltzeko eta mezu horiek jendean barneratzea lortzeko, herrien eta komunitateen artean hitz egiteko eta pertsonen arteko komunikazio horizontala lortzeko gaitasuna (komunikabide tradizionaletatik inposatzen den egitura bertikalago eta tradizionalago baten aurrean) inoiz ez zen hain handia izan. Halaber, tresna horiek dakartzaten problematika itzelei aditu behar zaie, manipulazioak eta desinformazioak portaera hegemonikoa dirudite eta.
Hala eta guztiz ere, tresnaren neutraltasuna onartu gabe ere, ikusi dezakegu nola sare sozialek bide bat irekitzen duten gizartean, erregulazio eta kontzientzia kritiko bat artikulatuz gero (datuen kontrastearen, iturrien azterketa kritikoaren eta eztabaidagarriak diren diskurtsoen identifikazioaren bidez), egiazko bake bat lortzeko bidean, gutxienez, lagun diezagukeena.
Unai Ortiz Urbizu. Deustuko Unibertsitateko Filosofia, Politika eta Ekonomiako graduko ikaslea. www.linkedin.com/in/unai-ortiz-858814217
Azalaren argazkia: Freepik
No Hay Comentarios