Ba al dut nire hizkuntzan hitz egiteko eskubiderik?

Nire ama hizkuntza eta nire herriak kantatzen dituen kantuak ahazten baditut, zertarako balio dute nire begi eta belarriek? Zertarako balio du nire ahoak?

Lurraren usaina ahazten badut, eta ez ongi artatzen, zertarako balio dute nire eskuek? Zergatik bizi naiz munduan?

Nola sinets nezake nire hizkuntza ahula eta pobrea delako ideia zentzugabea, amaren azken hitzak evenkiz ahoskatu baziren?

Alitet Nemtushkin, Evenki gutxiengo txinatarreko kidea

Covid 19 ak sortutako osasun-krisiaren ondorioz, ukimenaren zentzua bertan behera uztera behartuta ikusi genuen gure burua. Egoera horren eraginez, hitzek zentzu berezia hartu zuten, magia bihurtu ziren. Hitzek gizakiari komunikazioa mantentzen lagundu zioten, besoek eta eskuek adierazi ezin zutena transmititzen. Eta hitzek osatutako esaldiei esker, hurbileko lagun eta senideekin harremanetan jarraitzeko gai izan ginen.

Gaur egungo ohiturarik ohikoenetako bat, mundu globalizatu eta plural hontan, etxeko txikiei hainbat hizkuntza desberdinetan ezagutzak eskuratzeko beharra irakastea da. Hizkuntzak dira, etxe askotan, gure sustraiekiko loturak eta gure nortasunaren aberastasunaren erakusgarri. Hizkuntza horiek, hain zuzen ere, etxetik ikasten eta sustatzen hasten direnak, pertsona baten lanbide-profilaren elementu bereizgarrienetako bat dira gaur egun. Gure gurasoek diotenez, hainbat hizkuntzatan moldatzen ikasteak munduan zehar errazago eta erosoago mugitzeko aukera ematen digu, baita estatus profesional on bat lortzeko aukera ere. Baina, eleaniztasuna garrantzitsua al da enplegu-maila handia lortzeko bakarrik? Zer eginkizun dute hizkuntzek gure eguneroko bizitzan? Eta, azkenik, zergatik nabarmentzen du UNESCOk eleaniztasuna sustatzearen eta hizkuntza-eskubideak babestearen garrantzia?

Hizkuntza-eskubideak estatuko agintariek, pertsonek eta bestelako erakundeek hizkuntza-lehentasunetan edo hizkuntzak erabiltzean eragina duten giza eskubideak dira. Zehazkiago, beharrezkoak diren gutxieneko neurriak eta gutxiengo linguistikoen eskubideak gauzatzeko hartu behar diren balizko neurri gehigarriak dira.

Hainbat arrazoirengatik babestu behar dira eskubide horiek, bereziki gutxiengoenak. Hizkuntz askoren ezagutza lortzea kalitatezko enplegu batera iristeko beharrezkoa den edo ez alde batera utzita, nabarmendu beharra dago, hizkuntza-eskubideen ezarpenak komunitate gutxituetako haurren hezkuntzarako sarbidea hobetu egiten duela, baita hezkuntzaren kalitatea ere. Zenbait azterlanen arabera, Maliko haurren gaindituen tasa %32an handiagoa da beren ama-hizkuntzan eskolatutako haurren kasuan, Frantsesean soilik, herrialde hartako hizkuntza ofizialean, eskolatutako haurren kasuan baino.

Horrez gain, hizkuntza-eskubideen ezarpenak berdintasuna eta komunitate minoritarioetako emakumeen ahalduntzea sustatzen ditu. Dirudienez, emakumeak beren hizkuntzan eskolatzen direnean, goi-mailako ikasketekin jarraitzeko probabilitatea handitu egiten da eta gertagaitzagoa bihurtzen da pobrezian erortzea.

Era berean, eskubide horien babesak aniztasuna sustatzen du, eta kontraesankorra dirudien arren, gatazka-aukera murrizten du. Izan ere, kultura ezberdinen arteko tentsioak saihestea errazagoa da, alienazioaren, marjinazioaren eta bazterketaren kausei heltzea errazten duten hizkuntza-baliabideak daudenean.

Eta, azkenik, eskubide horiek ezartzeak baliabideen ustiapen hobeagoa ahalbidetzen du, baita pertsonen arteko komunikazioa eta herrialdeko zerbitzu publikoen kalitatea. Nahiz eta egia den hizkuntza bakarra erabiltzeak kostuak %8an murriztu ditzakeela, lehen hezkuntzako ikasle bakoitzeko guztizko kostua %27anigo daiteke errepikatzearen eta eskola uztearen ondorioz.

Amets Aurrekoetxea Vallejo. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko ikaslea.

Erreferentziak:

Relatora Especial de las Naciones Unidas sobre cuestiones de las minorías. 2017. “Derechos Lingüísticos de las Minorías Lingüísticas”. OHCHR. https://www.ohchr.org/sites/default/files/Documents/Issues/Minorities/SR/LanguageRightsLinguisticMinorities_SP.pdf

No Hay Comentarios

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *