Elkarrizketa Marcelle Mardonekin

“Kultura-aniztasuna mehatxu gisa ikusteari utz diezaiokegu, aukera gisa ulertzen hasteko”.

Nahia Varela Molina.
Nazioarteko Harremanetako graduko ikaslea
.

Zimbabuarra, arkitektoa eta emakumeen eskubideen defendatzailea, Marcellek askatasunari buruz pentsatzen duena azaltzen digu eta kontzeptu horri buruz hausnartzeko aukera ematen digu.

Egun on, Marcelle, noiz esango zenuke eduki zenuela zure lehen harremana askatasunaren kontzeptuarekin?

2009an Newcastletik (Ingalaterra) etorri nintzen Euskadira. Bertan egin nituen arkitektura ikasketak eta 10 urtez aritu nintzen lanean. Ingalaterran ikasteko aukera zoragarria izan nuen, Zimbabweko apartheid sistematik eratorritako testuinguruari lotutako estereotipo eta aurreiritzietatik urrun nire karrera profesionala garatu ahal izateko. Hala ere, urte horietan zehar nire bizitza markatu eta askatasuna ulertzeko modua aldatu didan paradoxa bati buruz konturatu nintzen.

Paradoxa hori azalduko zeniguke?

Jakina. Ingalaterran profesionalki ikasteko eta hazteko aukera izan nuen arren, bestelako askatasun eta aukerak kendu zizkidan, hala nola, nire familiarengandik hurbil egotea eta nire herrialdearen garapenean profesionalki laguntzea. Herrialdetik irten behar izan nuen nire burua garatzeko, ez nuen aukerarik izan. Horregatik diot nire askatasuna paradoxikoa dela. Askatasuna aurkitu nuen behin nire herrialdetik urrun bilatu behar nuela onartu nuenean.

Nolatan sentitu zinen libre Ingalaterran?

Arlo profesionalean, nire jatorria baino nire trebetasuna eta gaitasuna baloratzen zirela sentitu nuen. Nire borrokaren ardatza zera izan zen: gizonek menderatzen duten karrera profesionalean emakumeek duten rola aldarrikatzea. Horregatik, emakumeek profesionalki anbizio handikoak izateko duten askatasuna eta eskubidea defendatu nuen, baita lanaren eta bizitza pribatuaren arteko oreka bateratzeko eskubidea ere. Hala ere, edonon zaudela ere, askatasunaren zenbait gabezia sentitzen dituzu beti: zure familiarengandik hurbil egoteko askatasuna, adibidez. Nire askatasunerako oztopo hau egunero sentitzen dut oraindik.

Eta nola iritsi zinen Euskadira? Hemen aske sentitu zara?

Beno, Euskadi lurralde zoragarria da, eta hemen oso zoriontsu sentitzen naiz. Hala ere, egia da Ingalaterra immigrazio-historia luzea eta askotarikoa duen herrialdea dela. Horregatik, bertan askoz ere kulturartekotasun eta gizarte-aniztasun handiagoa dago. Horrek ez du esan nahi arazorik ez dagoenik, ezertarako ez; hala ere, errazagoa da jendeak eskain dezakezun hori baloratzea – eta are gehiago eskain dezakezuna desberdina eta berria den zerbait bada –. Uste dut denbora kontua dela kulturartekotasuna irudikatzen duten figura gehiago ikusten hastea komunikabideetan, erakundeetan… Integrazio handiagorako lan handia dugu egiteke oraindik.

Guzti hau are gehiago informatzeko eta besteei gure buruak irekitzearen garrantzia transmititzeko aukera gisa erabil dezakegu. Uler dezakegu aniztasuna mesedegarria dela eta denek berdin tratatzea merezi dutela. Norbaiten jatorriak ez luke eraginik izan behar hura balioesteko eskubidean eta askatasunean.

Horrek baldintzatu al zaitu zure garapen profesionalean?

Euskadira etorri nintzenean krisi ekonomikoa hasia zen. Hala ere, nire bikotekidearen eta bere familiaren laguntzarekin, proiektu propioa garatzea erabaki nuen: haurrentzako sormen-tailer bat ingelesez. Proiektu horrek gustuko nuen zerbaitetan lan egiteko askatasuna eta aukera eman zidan, eta ordutegi malgua eskaini zidan, nire familia zaintzeko eta Afrika eta emakumeak ardatz zituzten beste proiektu batzuen koordinazioan lan egiteko grinarekin jarraitzeko.

Hala ere, beste espazio batzuetan – kalean edota ezagutzen ez nituen pertsonekin – konturatu nintzen erraza zela estereotipatua izatea nire itxuragatik eta nire nazionalitateagatik. Konturatu nintzen besteek askatasun osoz zure izaerari buruz duten iritzia adierazten dutela; hortaz, nire burua askatasun osoz bizitzeko eskubidea aurkaratzen didate. Ez da identitatea, nazionalitatea edo itxura fisikoa zure askatasun- maila mugatzen duena, baizik eta pertsona batzuek identitate horren balioari buruz dituzten aldez aurreko iritziak edo ideiak.

Kontrako kontzeptuak al dira Zimbabwe eta askatasuna?

Zaila da. Teorikoki askatasuna eskaini nahi zigun kolonialismoa gainditu dugu. Zera ez zen horrela izan, menderatu egin gintuzten. 1980an independentzia lortu genuen, baina zapalkuntzak eta Giza Eskubideen urraketak markatutako etapa hasi zen. Munduko inflazio-tasarik handienetakoa duen herrialdea izatera iritsi gara. Ondorioz, gure herria utzi behar izan dugu etorkizun hobe baten bila. Nire familia bera hainbat herrialdetan banatuta dago: Ingalaterran, Espainian, Australian… Ezin gara Zimbabwera itzuli. Gure herrian bakean bizitzeko eta gure familiarengandik hurbil egoteko askatasuna kendu digute.

Zer datorkizu burura Zimbabweko emakumeei buruz pentsatzen duzunean?

Zimbabuar emakumeak ausartak eta borrokalariak dira. Haiek hartzen dute familia eta etxearen inguruko ardura. Normalean bakarrik geratzen dira gizona landa eremutik hiri handietara lan  bila  joaten  denean.  Emakumeek  indarra hartzen  dute  eta  familiaren zaintzarekin bateratzen dituzte jada dituzten lanak –ohikoa da hor emakume batek lanbide bat baino gehiago izatea bizitzeko behar duten dirua lortzeko –.

Zein da zure ekarpena euren borrokan?

Ohore handia da niretzat nire herriko emakumeekin batera borrokatzea indartsuagoak izan gaitezen. Ez zait gustatzen norbait ahalduntzea adierazpena. Nik ezin dut inor ahaldundu, nik haiek beren burua ahaldundu dezaten lagundu diezaieket bakarrik. Uste dut zera prozesu eta bidaia pertsonala dela.

Gaur egun Zimbabweko “Dialogue on Shelter” izeneko erakunde batekin ari naiz lanean. Komunitate osoaren azpiegitura eta bizitokia hobetzeko emakumeek zuzendutako ekimenei laguntza teknikoa ematen dieten urbanistak dira. Elkarrekin proiektuak ikertzeko eta gauzatzeko finantzazioa bilatzen saiatzen gara. Emakumeek elkarrizketaren, eztabaidaren eta lankidetzaren bidez parte hartzen duten prozesua da. Eta haiek prozesu horren bitartez indartzen dira.

Zer da askatasuna Marcellerentzat?

Niretzat, askatasun pertsonala itxaropenik ez izatea da. Minutu oro itxaropenak baditut, ez naiz libre sentitzen momentu horretan daukadana estimatzeko. Hau da presioetatik, familiarekin ez egoteko mugetatik, oztopoak sortzen dituzten estereotipoetatik eta oraindik aniztasuna baloratu behar dutenen iritzietatik askatzeko dudan mekanismoa.

Urteek aurrera egin ahala, egoera honek nolako bilakaera izatea gustatuko litzaizuke?

Nire herrialdearekin ditudan loturak sendotu nahiko nituzke, eta guztion eskubideen alde borrokatzen jarraitzen duten pertsonei lagundu, besteak beste, adierazpen askatasunaren alde. Gure herria berreraikitzeko eta gehien dutenek ezer ez dutenei babesa ematek jendea elkarrekin lanean ikusi nahiko nuke. Aldaketa ikusi nahiko nuke, pertsona talde txiki batek beldurra sortzeari utz diezaion, eta, horren ondorioz, batzuk han eta beste batzuk kanpoan egoteari uztea. Beldur horrek geldiarazi egiten gaitu. Beldurra askatasunerako oztoporik handienetako bat da han.

Oraintxe bertan, urrutitik laguntzeko aukera dut, eta horixe da nire askatasunaz egiten dudan erabilerarik handiena.

Argazkia: Dialogue on Shelter

No Hay Comentarios

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *