Euskal Diaspora: Gure mugetatik haratago
3 November, 2022Oi ama Eskual Herri goxua
zutandik urrun triste banüa
adios gaixo etxen dena
adios xiberua.
Oi ama Eskual Herri Goxua – Benito Lertxundi
Ugari dira antzina, bereziki Ameriketara, alde egin behar izan zuten euskaldunak. Ez da ezagutzen, ordea, gure lurraldea uztera behartuak izan ziren pertsonen kopuru zehatza, batzuek legez kanpo bideari ekin behar izan ziotelako, eta legearekin bat egin zutenek odea, euskal herritar gisa erregistratuak izan ez zirelako, frantziar edo espainiar nazional moduan baizik. Euskaldun asko Estatu Batuetara heldu ziren, beste batzuk Mexikora, baina garrantzi berezia du gure arbasoek Uruguai-n eta Argentinan utzitako ondareak.
Zer da euskal diaspora? Hainbat arrazoirengatik Euskal Herritik alde egin behar izan zuten pertsonak dira, gure lurrari dioten maitasunagatik gure nortasuna eta kultura belaunaldiz belaunaldi mantendu eta transmititu dutenak. Eta horretan izan ere, ezinbesteko zeregina izan dute Euskal Etxeek, munduko hainbat lekutan kokatutako irabazi-asmorik gabeko erakundeek, Euskal Herriarekin eta bertako jendearekin, historiarekin, hizkuntzarekin eta kulturarekin harreman kultural, sozial eta ekonomikoak mantentzeko helburua dutenak. Gaur egun, Euskal Etxeen webgune ofizialak hainbat herrialdetan kokatutako 196 Euskal Etxe erregistratuta ditu: Australian, Belgikan, Kanadan, Txilen, El Salvador-en, Estatu Batuetan, Mexikon, Paraguain, Puerto Ricon, Dominikar Errepublikan, Uruguain, Venezuelan eta gehienak Argentinan.
Lotura horiei eusteko asmoz, badira, gure lurralde-mugetatik kanpo, hainbat euskal tradizio, bitxia bada ere, urteak igaro arren, oraindik bizirik dirautenak. Hauxe da, hain zuzen ere, urtero Argentinako ospatzen den Euskal Aste Nazionalaren kasua. Kontzertu, dantza, musika eta kirol tradizionalek leku berezia dute ospakizun honetan. Eta bada Idahon ere, Estatu Batuetako ipar mendebaldean kokaturiko estatuan, “Trailing of the Sheep” deituriko ospakizun bat. Azken tradizio edo ospakizun hau XIX. mendean bertara iritsitako euskaldunen talde batek sortu zuen ardien artzaintza praktikan jarri eta hedatu zutelarik.
Euskal kirolak ere, bereziki, euskal pilotak, badu irabazi bere lekua atzerriko herrialdeetan. Jarduera azken hau, hainbat modu eta modalitatetan adierazi da Euskaditik kanpoko euskal komunitate ezberdinetan. Mexikon edo Estatu Batuetan adibidez, zesta-punta zen orain dela hainbat urte modalitate garrantzitsuena. Argentinan, ordea, paletak indar berezia du oraindik.
Aurreko adibideak euskal kulturari lotutako tradizio ugarietako batzuk dira, urteetan zehar munduko hainbat lekutan garatu eta praktikatu direnak. Hain da nabarmena gure kulturak herrialde hauetan izan duen eragina, ezen euskal diaspora zortzigarren probintziatzat hartu baita ugari. Nahiz eta beharrezkoa den errealistak izatea eta toki batzuetan eraginak indarra galdu duela adieraztea, beste komunitate batzuetan oraindik indartsu jarraitzen du gure kulturak. Argi dagoena da, euskal kultura bat badagoela gure mugetatik haratago.
ERREFERENTZIAK
EuskalEtxeak.eus. 2022. “Euskal Etxeak”. https://www.euskaletxeak.eus/index.php?option=com_content&task=view&id=140&Itemid=191&lang=eu_ES
González Díaz, Marcos. 2022. “El legado que los vascos dejaron en América (además de los apellidos)”. BBC News Mundo. https://www.bbc.com/mundo/noticias-62130553
Lehendakaritza. 2022. “Euskal Etxeen zerrenda”. https://www.euskadi.eus/euskal-etxeen-zerrenda/web01-s1leheki/eu/
Schechter, Alex. 2019. “Visita un trocito del País Vasco en Idaho, Estados Unidos”. https://www.nationalgeographic.es/viaje-y-aventuras/2019/11/visita-un-trocito-del-pais-vasco-en-idaho
* Argazkia : Euskaldunak Denak Bat Sociedad de Socorros Mutuos, Buenos Aires, Argentina. https://www.euskaletxeak.eus
Amets Aurrekoetxea Vallejo. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harreman eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko ikaslea. www.linkedin.com/in/amets-aurrekoetxea-vallejo-453855254
No Hay Comentarios