Kulturartekotasuna taulara: Kulturarteko Bitakoraren Koadernoa

Joan den azaroaren 20an Kulturarteko Bitakoraren Koadernoa den ikaskuntza-komunitatearen azken ekitaldiaz gozatzera joan ziren pertsonez bete zen Bilboko BBK aretoa. Ekitaldia UN Etxeak jarri zuen abian orain dela hilabete batzuk, BBK Kuna, Bizkaiko Garapen Iraunkorreko Helburuen Etxearen laguntzarekin.

Ekitaldia euskal gizarteak kulturartekotasunean parte hartzeko, elkarreragiteko eta elkarrekin bizitzeko duen moduaren adierazgarri izan zen. Bi ordu eskasetan, BBK aretoko eszenatokia, beste gauza askoren artean, esperientzia, testigantza pertsonal oso hunkigarri, kritika sozial, talentu, arte, amets, eta, kultura ugariz bete zen. Protagonistek, gehienak emakumeak izanda, beren bizipen ezberdinen kontakizunen bidez, bertaratu ziren ikusleak hunkitzea lortu zuten. Honen ondorioz, publikoak txalo zaparrada handia eskaini zuen ekitaldiaren amaieran.

BBK Kuna erakundearen arabera, Kulturarteko Bitakoraren Koadernoak “Kultura Arteko Hirien Espainiako Sareak argitaratutako Cuaderno de viaje hacia las ciudades interculturales izeneko koadernoan lagundu du, eztabaida eta pentsamendu kritikoa sustatzen. Beharrezko bidai bat berdintasunaren, kultura-aniztasunaren onarpenaren, elkarrekintzaren eta garapen iraunkorraren aldeko apustua egiten duten gizarte inklusiboetarantz”. Horrelako ekimenak, hala nola ikaskuntza-komunitatea eta harekin batera aurkeztu den azken ekitaldia, beharrezkoak dira gizartea, oro har, eta, bereziki, euskal biztanleria banatzen duten kultura-harresiak eraisteko. Baina ezinbestekoak dira, batez ere, gizartean dagoen integrazio eta gizarteratze faltari eta bakoitzaren erantzukizunari buruzko hausnarketa sustatzeko.

Margorei-rena bezalako bizipenak entzun genituen, emigratzen duten pertsonen itxaropenak, kezkak eta zailtasun handiak kontatu zizkigutenak, are gehiago emakume izanda eta haur bat atzean utzi behar izanda.

Jhillary-rena bezalako kontakizun ahaltsuen lekuko izan ginen: “zer esango diot nik amonari zer moduz nagoen galdetzen didanean… berak dagoeneko ezagutzen dituen hamaika aiene eta zauri kontatu beharko nizkiokeen… migratzailea ere izan baitzen”.

Karmelek begiak ireki zizkigun gure aurreiritziak direla eta, eta beste parte-hartzaile askori esker ere, dantza, talentu eta arte ezberdinetaz gozatu ahal izan genuen.

Ikaskuntza-komunitateak bere azken emaitza erakutsi zigun ospatutako amaierako ekitaldi hunkigarri honetan. Bertan, ikasleak irakasle bihurtu ziren eta bertaratu ginen guztiok ikasten aritu ginen, haiengandik eta haiekin batera.

ERREFERENTZIAK

BBK Kuna. “Gure Kultura Arteko Bitakora Koadernoa”. BBK. https://kuna.bbk.eus/eu/gure-kultura-arteko-bitakora-koadernoa/


Amets Aurrekoetxea Vallejo. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harreman eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko ikaslea. www.linkedin.com/in/amets-aurrekoetxea-vallejo-453855254

No Hay Comentarios

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *