1,90 dolar
10 December, 2021Naiara Nájera Etxeandia.
Zuzenbidea eta komunikazioa graduko ikaslea. Deustuko Unibertsitatea. Donostiako Campusa.
Pandemiak zailtasun asko ekarri dizkio familia askori. Nazio Batuen arabera, muturreko pobrezian bizi diren pertsonen kopurua 1990eko %36tik 2015eko %10era jaitsi bada ere, pandemia murrizketa hori arriskuan jartzen ari da, egoera horretan bizi diren pertsonen kopurua 500 milioi pertsonatan handitu daitekeelako, hau da, munduko biztanleriaren %8a inguru muturreko pobrezian eror daiteke Covid19tik eratorritako egoeraren ondorioz.
Oraingoz, 700 milioi pertsona edo munduko biztanleriaren %10 bizi da egoera horretan, eta landa-eremuei eragiten die batez ere. Oro har, bost haurretik bat muturreko pobrezian bizi da. Saharaz hegoaldeko Afrikan, adibidez, pertsona gehienak egunean 1,90 dolar baino gutxiagorekin bizi dira.
Pandemiak egungo gaitzak agerian utzi ditu eta zabaldu egin ditu, pertsona gehiagori kalte eginez. Gertaera horien aurrean, edonork pentsa lezake egoera horrek enpatizatzen lagundu digula lehendik gaizki zeudenekin; ondo bizi ezin izateko pandemiarik behar izan ez dutenekin. Zoritxarrez, ¨pobrea dena hala nahi duelako da¨ diskurtsoa mantendu egin da eta pandemiatik ateratzen ari garen bitartean, gero eta gehiago itzultzen gara enpatiarik gabeko diskurtso indibidualistetara.
Bakoitzak ereindakoa duela pentsatzea guztiz bidegabea da. Besteen zailtasunak gure arazoa ez direla pentsatzea ere ez da bidezkoa. Baldintza eta aukera berberekin jaiotzen al gara denok? Konparagarria al da pertsona guztien bizitza? Benetan ba al dago jendea aurrera egiten ahalegintzen ez denik edo gertatzen dena da bizitzak beste pertsona batzuei baino hesi gehiago jarri dizkiela salto egiteko? Eta batez ere, besteen arazoek berdin izan behar al digute?
Ezinbestekoa da pertsona bakoitzarekin eta bere testuinguruarekin enpatizatzea. Zure zoria ez da gainerakoena bezalakoa, bakoitzak oztopo desberdinei egin behar die aurre, eta pertsona batzuek gizartearen laguntza behar dute haiek aukeratu gabe erori diren zulotik ateratzeko.
Testuinguruan kokatu, enpatizatu, jardun. Hori da gakoa pertsona guztien ongizatearen alde egiten duen komunitate bat sortzeko, sufritzen duena nahi duelako edo behar adina ahalegintzen ez delako dela pentsatzen ez duen komunitate bat sortzeko, lagundu egin behar dela dakien komunitate bat bizitza ez delako denekin berdin eskuzabala, edozein unetan besteen laguntza ere behar izan dezakeela dakien komunitate bat. Azken batean, hurkoaz kezkatuta dagoen komunitate bat eraiki behar dugu.
Nazio Batuek argi izan zuten 2015ean pobrezia desagerrarazi behar zela. Hain da argia 2030 Agendaren lehen helburua dela. Helburu horretan adierazten dute elkarrekin lan egin behar dugula 2030erako muturreko pobrezia desagerrarazteko; nazio mailan guztiontzako babes sozialeko sistema eta neurri egokiak praktikan jarri behar ditugu, eta, 2030erako, pobreen eta urratuenen estaldura zabala lortu behar dugu; beste gauza askoren artean, bermatu behar dugu pertsona guztiek eskubide berberak izango dituztela, bai eta ondasun ekonomikoak ere.
Inor ez da pobrea nahi duelako. Inor ez da egunean 1,90 dolar baino gutxiagorekin bizi nahi duelako. Pobrezia guk nahi dugulako existitzen da. Gure gelditasuna da giza pobreziarik handiena.
Naiara Nájera Etxeandia.
https://es.linkedin.com/in/naiara-n%C3%A1jera-etxeandia-474008209
Argazkia: United Nations University (UNU)
No Hay Comentarios