Askatasuna MUNAren begietatik

“Askatasuna azaldu behar denean, ez dago askatasunik”.

Nahia Varela Molina.
Nazioarteko Harremanetako graduko ikaslea
.

Gaur Muna elkarrizketatzeko aukera izan dut. Munak bere burua emakume, etorkin eta errefuxiatu gisa definitzen du. Bere kontakizunaren bitartez askatasunaren kontzeptua ulertu nahi izan dut eta, ondoren azalduko den bezala, Munak askatasunaren nozioa zalantzan jartzeaz gain, zera bir-pentsatzera animatzen gaitu.

Egun on Muna, zure burua aurkeztu ahal duzu?

Egun on, nire izena Muna da, 25 urte ditut eta emakume etorkina eta errefuxiatu sahararra naiz. Tindufeko (Aljeriako hego-ekialdea) errefuxiatu-esparruetan jaio nintzen, eta gaur egun 11 urte daramatzat Bilbon. Soziologia-ikaslea naiz, eta Espainiako errefuxiatuen harrerari buruzko tesian ari naiz lanean, zehazki Getxoko udalerrian.

Zergatik Espainia?

Tindufeko errefuxiatu-zelaian negoela, harrera-programetara afiliatutako familia katalan batek 5 urtez hartu ninduen euren etxean. Urteak igaro ahala, egoitza-baimena lortu nuen, eta azkenean amak eta nire bi nebek Espainiara iristea lortu zuten. Gaur egun, 4ak elkarrekin bizi gara hemen, Bilbon.

Inoiz baztertua izan zara etorkina izateagatik?

Bai, noski. Arrazismoa, era desberdinetan bada ere, edonon sufritu daiteke. Une zail eta gogorrak bizi behar izan ditut, gaztaroan batez ere. Emakume migratzailea izanda, bazeuden barre egiten eta desberdin sentiarazten ninduten pertsonak. Okerrena zera izan zen: irainak onartu eta esaten zidaten guztia sinetsi nuen. Tratu hori merezi nuela sinestu eta onartu nuen. Hala ere, urteen poderioz ulertu dut inork ez duela sufritu behar hautatu ere ez duen bizi-baldintzak jota.

Zer datorkizu burura askatasunaren kontzeptuaz ari garenean?

Beno, nire ustez, askatasuna eta duintasuna dira gizaki ororen bizitzaren bi zutabe nagusiak. Inork ez luke sentitu behar bere beharren gaineko askatasunik ez duenik. Niri dagokidanez, nire herriaren askatasuna edo nortasun-askatasuna dira nire bizitza orain arte gehien definitu duten askatasun motak. Izan ere, Sahararrei ukatu egin digute estatu subirano gisa onartuak izateko askatasuna. Saharratarra naizela ozen esateko askatasuna ukatu didate.

Nolako eragina du gertaera horrek zure askatasunaren pertzepzioaren inguruan?

Izugarri eragiten du. Saharako herriari ez zaio aitortzen estatu independente gisa agertzeko eskubidea. Saharako lurretan jaiotako pertsonak estaturik ez duten pertsonak gara. Azken batean, herri subirano eta independente bateko kide izateko askatasun- eskubidea ukatu zaigu. Apatridak gara.

Zer eragin du gertaera horrek administratiboki edo burokratikoki?

Esan dizudan bezala, Mendebaldeko Sahara herrialde gisa ez onartzeak apatrikotzat jotzen du saharar komunitatea. Administraziora jotzen dugunean eta gure nazionalitatea galdetzen digutenean ez dugu Mendebaldeko Saharar gisa aitortzeko eskubiderik, izan ere, aukera hori ez da formalki existitzen, ezin dugu Mendebaldeko Saharako laukitxoa markatu. Apatrida gisa adierazten gaituzte, eta horrek, jakina, prozesu burokratiko oro zailtzen du. Batzuetan, konplikazioak saihesteko, “Aljeria” jartzen duen laukia aukeratzen dut. Baina ez, ni sahararra naiz eta nire nazionalitatea formalki aitortua izatea nahi dut.

Nola gustatuko litzaizuke egoera hori aldatzea urteak igaro ahala?

Tolerantziak eta enpatiak lekua irabaztea gustatuko litzaidake. Gure pribilegioak buruan izatea eta horrek egoera-ahulenean dauden kolektiboekin elkar ulertzera eta enpatizatzera eraman gaitzala espero dut. Pribilegiodun pertsonek oinarrizko eskubide eta askatasunik ez duten pertsonei – hala nola etxerik ez duten pertsonei edota egunean 3 aldiz elikatu ezin diren pertsonak – laguntzea gustatuko litzaidake. Gustatuko litzaidake pixkanaka-pixkanaka etorkinei buruz dugun pertzepzioa estigmaz garbitzea. Pertsona orok merezi du errespetatua izatea eta aske sentitzea, bere izaera edozein dela ere. Enpatia da gakoa.

Zer kritika egingo zenioke askatasunaren kontzeptuari?

Kontzeptuaren unibertsaltasunak haserretu egiten nau. Esan bezala, askatasunak hainbat forma har ditzake: identitate-askatasuna, sexu-askatasuna, aukeratzeko askatasuna… Azken finean, pertsona bakoitzaren inguruabarrek definitzen dute bere askatasun- ikuskera. Pentsatzen dugu askatasuna gauza berbera dela mundu guztiarentzat. Ez da horrela.

Azken finean, zer datorkizu burura askatasunari buruz pentsatzen duzunean?

Nik sahararra naizela esateko askatasuna izan nahi dut. Ez dut nire herriari buruzko azalpenik eman behar. Askatasuna azaldu behar denean, ez dago askatasunik.

Photo by Martine Perret / UN

No Hay Comentarios

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *