Askatasunerako eskubidea: Rejas. Reinserción Social.

Joan den azaroaren 26an, Fair Saturday 2022 jaialdiaren esparruan, Bilboko Guggenheim Museoan, Mikel Unzue zuzendariaren Rejas. Reinserción Social dokumentala estreinatu zen. Azken hau, “Eman minutu 1 – Askatasuna” deituriko UNESCO Etxeak antolatutako ikus-entzunezko piezen nazioarteko lehiaketaren 11. edizioaren irabazlea izan zen.

Ekitaldia Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskolako, Eider Zugazaga, Ariane Garmendia, Ziortza Elorriaga eta ni neu, Amets Aurrekoetxea trikitilari, Miren Etxebarria panderojole eta abeslari eta Uxue Varela eta Enaitz Linero dantzari-en eskutik hasi zen. Emanaldi labur honetan, publikoak kultura eta hizkuntza eskubideen gaira egokitutako Bob Dylanen Blowin’ in the wind abestiaren euskarazko bertsioa entzun ahal izan zuen. Bertsio egokituari fandango, arin-arin eta biribilketa gehitu zitzaizkion, aurreko instrumentuen ezaugarri diren erritmo musikalak.

Harrera emanaldia amaitu eta berehala, Begoña Guzmanek eta Txabi Anuzitak ongietorria eman zieten bertaratutako pertsona guztiei, eta “Eman minutu bat HITZAK” lehiaketaren aurtengo XIII. edizioa aurkeztu zuten. Oraingoan, lehiaketak kultura- eta hizkuntza-aniztasunean jarri du arreta, giza eskubideen sistemaren barruan kultura- eta hizkuntza-eskubideek duten lekuaz kontzientziatzea baita helburua. Aurkezpena egin ondoren, Mikel Unzueren dokumentala proiektatu zen.

“Nola irakats diezaiokegu pertsona bati askatasunean bizitzen, eskubide hori bera kentzen badiogu? Kartzelek ez dute funtzionatzen, ez dira metodorik eraginkorrena delitu bat egin duten pertsonak errehabilitatzeko, eta are gutxiago askatasunean bizitzen irakasteko. Izan ere, preso batek berriro delituak egiteko probabilitateak areagotu egiten dira kartzelan denbora pasatzen duenean. Espetxe-zigorrek pertsona bat gizarteratzen laguntzen duten ideiari buruz hausnartu beharra dago. Baita alternatiba eraginkorragoak bilatzeko beharra ere”, zioten dokumentalean elkarrizketatutako pertsona ezberdinek.

Proiekzioaren ondoren solasaldia egin zen Mikel Unzue eta Iraia Aguayo-rekin, gizarte hezitzaile eta dokumentaleko protagonistetako batekin. Bertan, galderak, zalantzak eta kezkak plazaratu ahal izan zituzten ikusleek.

Galdera hauek erantzunda, Hip Hopaz eta hizkuntza aniztasunari buruzko bertso batzuez ere gozatu ahal izan genuen Betto Snay eta Marta Goikoetxea bertsolariaren eskutik. Ekitaldia kalejira batekin amaitu zen, publikoaren txaloek lagunduta.

ERREFERENTZIAK

Guggenheim Bilbao Museoa. 2022. “Fair Saturday”. https://www.guggenheim-bilbao.eus/actividades/fair-saturday-proyeccion-y-coloquio

UN Etxea. 2022. “Fair Saturday jaialdian parte hartuko dugu”. https://www.unescoetxea.org/eu/fair-saturday-jaialdian-parte-hartuko-dugu-2/

*Argazkiak eta azalaren irudia: Dr. Minsky


Amets Aurrekoetxea Vallejo. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harreman eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko ikaslea.www.linkedin.com/in/amets-aurrekoetxea-vallejo-453855254

No Hay Comentarios

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *