Getxotik Mundura, Mundutik Getxora

Joan den azaroaren 27an Algortako Muxikebarri zentroan “Getxotik Mundura, Mundutik Getxora” garapen lankidetzarako azokaren 25. edizioa ospatu zen, kooperazio eta eraldaketa sozialaren arloan lan egiten duten hirugarren sektore sozialeko erakundeak ikusarazteko helburuarekin antolatutako ekimena. Ayuda Más, Medicus Mundi, KCD edo Farma Mundi bezalako GGKE batzuez gain, UN Etxea ere bertan izan zen.

Oraingo honetan, UNESCO Sustatzeko Euskal Herriko Elkarteak, “Eman minutu 1” ikus-entzunezko lanen nazioarteko lehiaketaren XIII. edizioa zabaldu nahi izan du. Aurten, kultura- eta hizkuntza-aniztasuna sustatzea eta aldarrikatzea da helburua, bai eta kultura- eta hizkuntza-eskubideek giza eskubideen sistemaren barruan duten lekua ulertaraztea ere. Gainera, UN Etxeak Unai Aranzadiren “A costa dos lançados” dokumentalaren aurre-estreinaldia ere zabaldu nahi izan du: 2023ko urtarrilaren 14an proiektatuko da, Algortako Muxikebarri Zentroan, arratsaldeko 19:00etan.

Harrera bikaina izan zuen ekimen solidario honen jardunaldian zehar, UN Etxea-ko standean geundenok bisita ugari jaso genituen, bai “Eman minutu 1” lehiaketaren, baita dokumentalaren aurrestreinaldiari buruzko informazioa jaso nahian zebiltzan pertsonenak. Gainera, UN Etxearen lana, helburua eta jarduera ezagutzeko interesa duten pertsona asko ere hurbildu zitzaizkigun, baita Agenda 2030 eta Garapen Jasangarriaren Helburuei buruzko informazioa bildu nahian zebilen jendea ere.

Horrelako ekimenak beharrezkoak dira GGKEen proiektu handiak zein txikiak ikusarazten laguntzeko. Izan ere, GGKE horiek nazioarteko lankidetzarekiko eta eraldaketa sozialarekiko konpromisoa berresten laguntzen dute, bai eta mundu justuago baterantz bideari ekiten ere.

Lerro hauen bitartez, UN Etxetik eskerrak eman nahi dizkizuegu stand-era hurbildu zineten eta gure jarduerei buruzko interesa erakutsi zenuten guztioi!


Amets Aurrekoetxea Vallejo. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harreman eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko ikaslea. www.linkedin.com/in/amets-aurrekoetxea-vallejo-453855254

No Hay Comentarios

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *