Bertsolaritza: euskal tradizioa baino askoz ere gehiago

Bertsolaritza bertsoak bat-batean asmatzeko arte gisa eta honen inguruan Euskal Herrian sortutako mugimendu sozial gisa definitzen dute batzuek. Halaber, Xabier Amuriza bertsolariak estrofa honen bidez definitzen du bertsolaritza:

            Neurriz eta errimaz

            kantatzea hitza

            horra hor zer kirol mota

            den bertsolaritza

Era batera edo bestera, arte mota hau kantaren, errimen, neurrien eta improbisazioaren arteko baturatik lortzen den emaitza da, eta honakoa urte luzez izan da euskal kulturaren parte garrantzitsu bat. Gaur-gaurkoz ezagutzen den bat-bateko bertsolaritzaren laginik zaharrena XIX mende hasierakoa izanda ere, historialari adituen arabera posible litzateke ahozkotasunaren fenomeno honen jatorria historiaurrean kokatzea.

1452 urtera arte itxaron beharko dugu ahozko jardunaren lehen aztarna erabakigarriak izateko, hauek Bizkaiko Foru Zaharrean zeuden bi aipurekin lotuta baitaude. Hala ere, garai hauei buruz ezin da da baieztapen zehatzik egin, hau da, orduko bat-batekotasunaren egoera zehatza ez da jakinekoa.

1799an, Azpeitian, Fernando Amezketarrak kantatutako bi bertso gordeta badaude ere, 1801ean Villabonan ospatu zen saio izugarria aipatzea merezi du, 4.000 ikusle bildu baitzituen herriko plazan. Urteak aurrera joan ahala, fenomenoa geroz eta indartsuago bihurtzen joan zen euskal gizartean. Horren adibide garbia 1935. urtean ospatu zen lehendabiziko Euskal Herriko Txapelketa dugu.

1940-1950 urte bitartean, Francoren diktaduraren ondorioz zentsura nagusitu bazen ere, bertsolaritza ez zen ahanzturan erori. Aitzitik, errepresio sozialaren aurkako instrumentu gisa erabili zuten. Diktadura garaian, nahiz diktadura ondorengo urteetan bertsolaritzak garai gogorrak bizi izan bazituen ere, momentuan momentuko beharretara eta errealitatera moldatzeko gaitasuna izan du. Horren adierazle dira, besteak beste, bertsolaritza eskolak, eta nola ez, lau urtetik behin ospatzen den Bertsolari Txapelketa Nagusia.

Hain zuzen, joan den abenduaren 18an ospatu zen Iruñeko Nafarroa Arenan aurretik aipatutako txapelketa eta jendetza bildu zen bertan. 14.000 lagun inguru batu ziren Nafarroako hiriburuan egun osoko ekitaldiaz gozatzeko asmotan. Argi dago, beraz, bertsolaritza sasoi betean dagoela gaur egun.

Era berean, aipatzekoa da joan den azaroan Frantziatik heldu zitzaigun berria, bertsolaritzak kultura ondare immaterialaren izendapena lortu baitu bertan. Frantziako Estatuko Kultura Ministerioaren erabakia “urtetako lanari egindako aitortza gisa” deskribatu du Bertsularien Lagunak elkarteak. Halaber, bertsolaritza mugimendu bizia dela aitortu dute Iparraldean, eta oro har, Euskal Herrian.

Era honetara, bigarren aldiz jaso du aitortza bertsolaritzak ondare materiagabe bezala: 2018an Nafarroako Gobernuak izendatu zuen Kultur Intereseko Ondasun. EAEri dagokionez, Bertsozale Elkarteak jada egina du eskaria, eta prozesua martxan da.

Iturriak:

Zer da bertsoa?. Bertsozale Elkartea. https://www.bertsozale.eus/eu/bertsolaritza/sarrera-zer-da-bertsoa?set_language=eu

Historia. Bertsozale Elkartea. https://www.bertsozale.eus/eu/bertsolaritza/historia

Astarloa, Iraitz. 2022. “Francia declara el bertsolarismo bien de interés cultural inmaterial”. Deia. https://www.deia.eus/cultura/2022/11/25/francia-declara-bertsolarismo-interes-cultural-6257425.html

Bertsolarismo. Etxepare Euskal Institutua. https://www.etxepare.eus/es/bertsolarismo

Alberdi Etxaniz, Idoia. 2022. “Bertsolaritzak kultura ondare immaterialaren izendapena lortu du Frantzian”. Eitb.eus. https://www.eitb.eus/eu/kultura/osoa/9025752/bertsolaritza-kultura-ondare-immaterialaren-katalogoan-sartu-du-frantziako-kultura-ministerioak/


Leire Goenaga Egaña. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko ikaslea.

Irudia: Getxoko Udala

No Hay Comentarios

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *