Garabide: garapenerako hizkuntza-lankidetza

Joan den astean, UN Etxean izan genituen bisitan Eñaut Agirre Goia eta Nerea Uriarte Goitia, Garabide elkarteko koordinatzailea eta nazioarteko harremanen arduraduna, hurrenez hurren. Garabide kooperazio linguistikoaren arloan dabil lanean 2005etik eta euskararen biziberritze prozesua munduko hainbat eskualdetako komunitate ezberdinekin partekatzea du xede. Elkar ezagutzeko aukera paregabea izateaz gain, bakoitzak martxan jarri dituen proiektu ezberdinei buruz eta etorkizuneko erronken inguruan hitz egiteko ere aprobetxatu genuen.

Zer dela-eta sortu zen Garabide? Zertan datza zuen proiektua?

Eñaut: Zer dela-eta ez dakit gai garen esateko, baina esan daiteke nolabait garai hartako kooperazioko proiektuetan ikusi zela hutsune bat. Garabide sortu zutenak kooperazio munduan ibiltzen ziren, eta hauek ikusi zuten hutsune bat bazela lan egiten zuten komunitatetan. Izan ere, komunitate hauetan bazen hizkuntzaren presentzia handi bat, hizkuntza gutxituen presentzia handi bat, eta ez da lan handirik egiten hizkuntza horiek berreskuratzeko. Beraz, euskaldun bezala eta euskal kooperazioan ari zen jendea izanda, ikusi zen leku haietan ekarpen bat egitea posible zela. Garabideren ideia horrela sortu zen.

Euskal Herriko adituen eta komunitate desberdinetako aktibisten arteko zubi lana egiten dugu. Gure proiektuaren funtsa esperientzia truke bat egitea da, azken finean. Hasieran truke programak izeneko formazioak sortu ziren. Era honetara hamar bat laguneko talde txikiak etortzen ziren hona hemengo esperientzia ezagutzeko. Geroago, taldeak handitzen joan ziren heinean, formazio ikutu bat ematen hasi ginen horri, klase teoriko presentzialak txertatuz. Aldi berean, egonaldien iraupena ere luzatuz joan da, astebete egotetik hiru hilabeteko iraupena izatera pasa baitira kasu batzuetan. Azken urteotan hartu duen forma honakoa da: hogei bat lagunek hartzen dute parte Euskal Herrian antolatzen dugun hilabete eta erdiko formazioan. Hau egin ostean, beraien herrialdeetan herri mailan martxan jartzen dituzten proiektuetan laguntzen diegu.

Nerea: Garapenerako lankidetzako proiektu klasikoak beti ikusi izan dira arlo ekonomikotik edo produktibotik, eta azkeneko hamarkadan ikusi da herrien garapen integrala lortzeko beste faktore batzuk ere kontutan hartu behar direla, esaterako arlo kulturala. Zentzu honetan, hizkuntzan jarrita fokoa, Garabidek bere ekarpena egiten du garapenerako lankidetzan.

Hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan egiten duzue lan. Hizkuntza aniztasunari dagokionez, globalizazioaren fenomenoak zer eragin izan duela esango zenukete azken hamarkadetan?

Eñaut: Ez dakit lotura zuzen bat egin daitekeen edo zenbat lan egongo diren bi fenomeno horiek zuzenean lotzen dituztenak baina esperientziak erakusten digu, orain momentuan, azken urteetan, hizkuntzen galera geroz eta handiagoa dela. Galera hori globalizazioarekin lotuta dagoen ala ez ez dakit esaten seguru baina nahiko logikoa da hori pentsatzea. Azken finean, globalizazioak inpaktu negatibo bat izan du kulturan. Era berean, gure txostenetan adierazten duguna oso paradoxikoa da: mundu mailan aniztasuna galtzen ari den bitartean gure lurraldean aniztasuna igotzen ari dela ikusten dugu. Honakoa ere globalizazioaren ondorio gisa ulertzen dugu guk.

Euskarari erreparatuta, esan daiteke azken urteotan pauso garrantzitsuak eman direla euskara indartzeko eta normalizatzeko bidean. Jakintza eta erabilera datuei erreparatuta, egoera hobetzen ari dela esan dezakegu? Egoera berdina da Euskal Herriko txoko guztietan?

Eñaut: Azken datuek esaten dute egoera berdinean dagoela, hau da, ez da ez hobetu ez okertu euskararen egoera, ehunekoak berdin mantentzen baitira. Kontua da gero impasse egoera bat den honakoa, ala orain gora edo behera joango garen. Galdera ikur handi bat da orain momentuan. Badakigu orain arte egindako igoera hori ez dela beste inon egin eta honetaz harro sentitu behar dugula uste dugu. Badaukagu joera, komunitate txikiek orokorrean, gauzak direna baino beltzago ikusteko eta egindako guztia ez estimatzeko, ez baloratzeko guk zer daukagun. Baina honako galdera egitea aproposago litzateke: hau egitea lortu badugu zergaitik ez dugu lortuko aurrera begira ere jarraitzea?.

Euskarak izan duen kurba ez da berdina leku guztietan. Historikoki leku euskaldunenak izan direnetan eta ez hain euskaldunak direnetan ez du bilakaera berdina izan, azken hauetan ari baita igoera handiena somatzen. Gaur egun, adibidez, daturik hoberenak Araba ari da ematen, eboluzioari dagokionez. 

Bestalde, komunitate indigena desberdinekin eta aktibistekin ere egiten duzue lan. Zertan datza elkarlan hori? Euskal Herritik kanpo zein herrialdetan dituzue proiektuak martxan gaur egun?

Nerea: Abya Yalan, edo Latinoamerikan, goitik hasira Mexikon gaude Nahuatla komunitatearekin eta Yukatanen bertako Maia komunitatearekin. Guatemalan, Kaqchikelekin. Kolonbian, Kaukako departamentuan Nasako herriarekin. Ekuadorren, Kitxuekin. Bolivian, Ketxua, Guarani eta Aimarekin, eta Txilen, Maputxeekin. Bestalde, Ipar Afrikan Amazighekin. Noizbait ere eduki dugu harremana edo proiekturen bat Kurduekin.

Eñaut: Proiektuak hoiek dira, gero harremana komunitate gehiagorekin ere badugu. Gure formazioetan komunitate gehiagotako jendeak hartu du parte, adibidez Guinea edo Brasiletik etorritakoek. Gero, hala ere, ez da hain erraza tokian tokiko proiektu horietan jarraitzea.

Latinoamerikako herrialdeetan, adibidez, hango instituzioetatik ikusten al da borondaterik hizkuntza gutxituen errealitatea hobetzeko?

Eñaut: Borondate politikoa ez dakit zenbatekoa den egia esan. Badirudi aldaketa bat izan dela politikoki korrektua izatearen kontuan. Geroz eta herrialde gehiagotan daude onartuta alor honekin lotutako eskubideak euren konstituzioetan. Konstituzioei edo legediari erreparatuta soilik badirudi oso hizkuntza zaleak direla. Egia da, gero, status legala gutxik dutela aitortua eta politika linguistikoak oraindik gutxiagotan egiten direla. Erreala ez da papelean esaten dena edo publikoki esaten dena. Gaur egun, publikoki, oso politiko gutxik esango dizute hizkuntzen kontra daudela, eta hori nahiko orokorra da. Ez dago ondo ikusia azken finean. Lehenago agian norbaitek esaten zuen, baina gaur egun egoera aldatuta dago. Beste kontu bat da zenbat egiten den alde.

Nerea: Zerbait positiboa kontatzearren, Mexikon Meridako udalak martxan jarritako proiektua aipa daiteke, nahiz eta estatu mailako zerbait ez izan. Guk zubi lana egin dugu udal horren eta Donostiko udalaren artean, eta asmoa bada behintzat hemendik ikastea, ea Donostiko Udalak nola planteatu duen Euskara saila Meridan ere bide hori hasteko. Aurrerapauso txikia izan arren, aipatzekoa dela uste dugu.

Eñaut: Bestalde ezjakintasuna dago. Egin nahi duzu zerbait baina ez dakizu nola. Gauza positiboak ere badaude. Boliviako legea, adibidez, beste batzuk baino aurrerakoiagoa da zentzu honetan. Boliviak baditu institutuak hizkuntza bakoitzarenak, esaterako. Badago borondatea, baina gero kontua da nola egiten diren gauzak, hor dago zailtasun gehiago.

Amaitzeko, etorkizunera begira, zer egin dezakegu guk herritar gisa hizkuntza gutxituen indartze prozesuetan?

Eñaut: Hasteko, hitz egin. Komunitateko parte garenok egin dezakegun gauzarik hoberena hitz egitea da. Hitz egiteari uzten zaion momentuan bukatzen dira hizkuntzak. Hauek museoetan oso ondo daude, baina ez dute ezertarako balio. Herri mailan, nik uste badaukagula gaur egun erronka haundi bat beste hizkuntzekin ere. Zenbat hizkuntza hitz egiten dira gure herrietan? Zenbat ezagutzen ditugu? Ze harrera egiten diegu? Nik uste dut besteena baloratzeak ere asko laguntzen duela eta askotan konturatzen gara jendeak ezkutuan duela bere identitatea. Marokotik etortzen diren guztiek arabieraz hitz  egingo dutela uste dugu askotan, baina agian beste hizkuntza batzuk ere hitz egiten dituzte, eta ez diegu galdetzen. Guk, euskaldun bezala, beste kultura batzuetatik datozenengatik egin beharko genuke apustu bat. Azken finean, geuk ere bizi izan genuen hori garai batean. Askotan jarrera kontua da.

https://www.garabide.eus/euskara/


Leire Goenaga Egaña. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko ikaslea.

*Argazkia: Garabide

No Hay Comentarios

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *