Gomerako Txistua, komunikatzeko modu alternatibo bat

Gomerako txistua Gomera uharteko (Kanariar uharteetako bigarren uharterik txikiena) hizkuntza txistukatua da, kultura kanariarraren adierazgarria. Milaka pertsonek erabiltzen dute hizkuntza hau distantzia handietara dauden gizabanakoen artean komunikatzeko: uhartetar askok ulertzen dute eta ulertzen dutenen artean, ia guztiek praktikatzen dute. Izan ere, hizkuntza honek, txistu ezberdinen bidez, Gomera uharteko biztanleek erabiltzen duten hizkuntza erreproduzitzen du. Hau da, gaztelera.

Gomerako txistuak gaztelaniaz idatzitako edo hitz egindako hitzen ordez tonu eta luzera desberdineko soinuak erabiltzen ditu: bi txistu bereizik gaztelerazko bost bokalak ordezkatzen dituzte eta beste lauk kontsonanteak. Ondorioz, soinu bakar batek esanahi ugari eduki ditzake.

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen (UNESCO) arabera, gomerako txistua, “komunitate ugari batek erabat garatu eta praktikatzen duen munduko txistu hizkuntza bakarra da”. Ondorioz, 2009. urtean, hain zuzen ere, erakunde honek berak Gizateriaren Kultur Ondare Immaterialaren zerrendan sartu zuen.

Kanarietako Gobernuko Hezkuntza, Unibertsitate, Kultura eta Kirol Sailak dioenez, gomerako txistua “gizarte-hizkuntza bat da, eremu kolektiborako egokia, pribaturako baino askoz ere gehiago.” Hala ere, zenbait kasutan, konkista, gerra edo kontrabandoa egiteko hizkuntza sekretu gisa erabili izan dela dio, nahiz eta txistuaren bidez igorritako mezuak publikoak izan, hizkuntza horren izaerak berak hala eskatzen duelako.

Hizkuntza gutxitua izanda eta galzorian egonda, uhartetarrak eta bertako hainbat gizarte-eragile eta legebiltzarkidek babesa emateko ahalegin handiak egin zituzten orain dela urte batzuk. Ahalegin horien ondorioz, Kanarietako Parlamentuak eta Gobernuak 1999an lege bat onestea lortu zuten, lurralde txiki horretako ikastetxe guztietako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eskola-programan Gomera Txistuaren irakaskuntza nahitaezkotzat ezartzen duena. Hori dela eta, uharteko adinekoek eta gazteek erabiltzen dute gehienbat hizkera hau.

Hona hemen hizkuntza gutxituen biziraupena babesteko ekimenak sustatzearen garrantziaren beste adibide bat.

ERREFERENTZIAK

Consejería de Educación, Universidades, Cultura y Deportes. 2022. “El Silbo Gomero”. Gobierno de Canarias. http://www.gobiernodecanarias.org/cultura/silbogomero/

Minder, Raphael. 2021. “La poesía de mi isla’: los guardianes del lenguaje silbado en las Islas Canarias”. The New York Times. https://www.nytimes.com/es/2021/02/18/espanol/silbo-gomero-canarias.html

UNESCO Intangible Cultural Heritage. 2022. “El Silbo Gomero, lenguaje silbado de la isla de La Gomera (Islas Canarias)”. UNESCO. https://ich.unesco.org/es/RL/el-silbo-gomero-lenguaje-silbado-de-la-isla-de-la-gomera-islas-canarias-00172


Amets Aurrekoetxea Vallejo. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harreman eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko ikaslea .www.linkedin.com/in/amets-aurrekoetxea-vallejo-453855254

*Irudia: UNESCO. Kultura-ondare immateriala. https://ich.unesco.org/es/RL/el-silbo-gomero-lenguaje-silbado-de-la-isla-de-la-gomera-islas-canarias-00172

No Hay Comentarios

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *